jueves, 22 de junio de 2017

ILDO IRAULTZAILEAREN INGURUKO HAUSNARKETA



SUGARRAREN OHARRA:

Kolaborazio-artikulu bat argitaratzen dugu.
Bidaltzen dizkiguzuen ekarpen guztiak eskertzen ditugu.
Hemen duzue:
 

1. Klaseen arteko antagonismo objektiboak eta kapitalismoaren berezko krisiek ez dute klase-borroka iraultzailea berez hauspotuko; kapitalismoaren garapenak ez baitaroa burgesiaren autosuntsipenera. Alderantziz, soilik klase-borroka kontzienteak –iraultzaileak- azaleratuko ditu klase-antagonismoak eta hauspotuko krisi benetan iraultzaileak.

2. Langileriak ez ditu “begiak irekiko” erresistentzia borroken bitartez; erresistentzia borrokek ez baitute kontzientzia iraultzailea sortzen, erresistentzia-kontzientzia erreproduzitzen dute. Soilik mugimendu iraultzaileak sor dezake kontzientzia iraultzailea; horregatik, mugimenduak iraultzailea izan behar du hasieratik, erresistentzia-borrokak botere burgesa suntsitu eta botere proletarioa eraikitzera bideratuz.

3. Aktibismo itsuak eta ekintza handien lilurak eta ikusgarritasunak ez gaituzte klase-bako gizartera hurbilduko; hori politika-espektakuluan dago oinarrituta. Politika proletarioak ilunpeko borroka daroa berarekin eta fruituak ageri arte denbora luze igaroko da, are gehiago bizi dugun garaian, etorkizuneko mugimenduaren oinarriak ezarri behar direnean.

4. Ez da burgesiaren boterea suntsitu eta klase-bako gizarteari ateak zabalduko dizkion bat-bateko altxamendu espontaneorik egongo. Soilik borrokaldi kontziente luze baten bidez lortuko du proletalgoak bere indarrak garatu eta burgesiaren menperatzea suntsitzea.

5. Ildo iraultzaile zuzena da gutxiengoak gutxiengo izateari uzteko baldintza.
  
Ildo iraultzaile zuzenaren zehazpena dugu gaur egungo premiazko betebeharra: hasi dugun borrokaldi luzearen lehen geldialdia. Zinezko iraultzaile kontzienteen –gutxiengoen- arteko antolaketaren bidez eta euren ildoen arteko borrokaren bidez ildo iraultzaile zuzena eraikitzen joatea; gutxiengoak hura izateari utziz eta mugimendu iraultzailearen oinarriak tinko ezarriz. Zeregin nagusi horretan aurrera joatea helburu, hona gure ekarpena; ildo iraultzailearen zehaztapenari ekin aurretik, ostera, beharrezko ikusten dugun gai bi labur-labur landuko ditugu: boterea, lehenengoa, eta klasea, bigarrena.

Botereaz

Iraultzaren auzi nagusia, bere zentroa, boterea da, eta gainontzeko auzi guztiak bere inguruan biraka dabiltza. Izan ere, boterea da asmo eta potentzialitatea errealitate bihurtu dezakeena, eta botere proletarioa, ondorioz, klase-bako gizartea eraikitzeko asmo eta potentzialitatea errealitate bihur dezakeena. Hori dela eta, berebiziko garrantzia du boterearen eta gainontzeko auziek berekiko duten erlazioaren inguruko teorizazioak (errealitatean eta esperientzia iraultzaileen balantzean oinarritutako teorizazioa, hain zuzen).

Parisko Komunako proletarioen ekintza gogoangarriak eta haren balantzeak oraindiño guztiz kontuan hartu behar dugun funtsezko irakaspen bat utzi zigun: proletalgoak ez duela Estatu burgesaren aparatua hartzeko inongo interesik, hau guztiz baliaezina baitzaio bere interes iraultzaileetarako; hortaz, Estatu burgesa suntsitu eta bere botere propioa, botere proletarioa eraiki behar du, zeina botere ororen ezeztapena den, berea barne. Horrela, Iraultza Estatu burgesaren aparatua hartzeko ezintasunagatik (dela Estatu-kolpea, dela ilegalizazioa...) justifikatzea, botere proletarioa eraikitzearen ezinbesteko garrantziaren kontziente izan barik, aipatutako irakasapen hori albo batera uztea da eta, ondorioz, botere proletarioa eraikitzea barik, botere burgesa erreproduzitzea ekarriko luke iraultza gauzatzea lortuz gero.

Ondoren, batez ere, Sobiet Batasuneko eta Txinako esperientzia iraultzaileek -eta euren mugak- eta baita konsejisten ekarpenek ere Parisko Komunaren iraskapenaren garrantzia nabarmendu zuten, eta are argiago utzi zuten klase-bakoitzak bere botere-forma propioak eratu behar dituela bere diktadura ezartzeko eta, era berean, klase batek ezin duela beste klase baten botere-formarik erabili (hau iraultza burgesen garapenak ere, oro har, argi utzi zuen botere-forma feudalei uko egin eta euren ordez bere botere-forma propioak, burgesak, eratzean). Hala bada, proletalgoak bere boterea ezarri eta bere suntsipenera arte garatzeko botere-forma propioak eratu behar ditu eta ezin du botere-forma burgesik (parlamentarismoa -iraultza “goitik”, parlamentutik, eginez-, burokratismoa...) erabili bere alde; are gehiago, botere-forma burgesek botere-burgesa erreproduzituko dute nahi eta nahi ez. Horrela bada, komuna da proletalgoaren berezko botere-forma eta, era berean, komuna-antolaketa du proletalgoak bere antolakuntza-modu.

Horretaz gain, Botere proletarioa (Komuna-Boterea ere deituko duguna) botere ororen ezeztapena den heinean, bere ezeztapenerako segidako Iraultzen bitartez suntsitua izan behar du, klaseen suntsipen osora arte.

Beraz, Komuna-Boterea gailentzeko iraultzak eginkizun nagusi bi ditu: botere burgesa suntsitzea eta Komuna-Boterearen aitzindari izango den boterea (Komuna-Kontrabotere deituko duguna, fase honetan botere burgesa izango baita botere hegemonikoa) eraikitzea. Zeregin bi hauek, zeresanik ez, prozesu bakar beraren parte dira, eta ez lehenengo suntsitzean eta ostean eraikitzean dautzan prozesu bereizi bi. Izan ere, Kontrabotere honen espantsioak, Botere burgesarekin gerran egotean, botere burgesaren suntsipena nahitaezko baldintza eta ondorio izango du. Beste aldetik, ordea, Botere burgesaren suntsipenak Kontraboterearen eraikuntza bai ala bai ziurtatzen ez duenez, eraikuntza izango dugu bien artean fokua.

Komuna-Kontraboterearen eraikuntzak behin eta berriz errepikatu beharreko fase bik osatzen dute: lehenengo botere hutsunea sortzea -Kontraboterearen germena sartuz- eta ondoren germen horretatik abiatuta Kontraboterea eraiki eta garatzea. Kontrabotere horren garapen kontzienteak salto bat ematera behartuko du, borroka maila bat igotzeko; horrela, berriro ere Botere hutsunea sortzea beharrezkoa izango da -maila berri horren Kontraboterearen germena sartuz- eta ondoren, lehen bezala, berau eraikiz eta garatuz.

Komuna-Kontraboterearen garapenaren puntu batetik aurrera, ezin izango du garatzen eta defendatzen jarraitu ohiko modu politikoen bidez. Horregatik, une horretatik aurrera ez da existituko armen indarrean oinarritu gabeko botere egonkorrik; ondorioz, Kontrabotereak masa proletario armatuen oinarrian eraikia izan beharko du orduan. Hori dela eta, klase-borrokak klase-gerra edo klase-borroka armatu izaera hartuko du. Horrela bada, klase-borroka armatua baino lehenagoko faseetatik hasi behar da indar armatuaren garrantzia azpimarratzen.

Izan ere, klase-borroka borroka ofentsiboa da; eta, burgesiaren diktadurapean, bere ofentsibak zehazten ditu ordena burgesa eta egonkortasuna. Orduan, proletalgoa ofentsibara pasatzean ordena burgesa eta egonkortasunaren haustura ezinbestean gertatuko da. Haustura hori dela eta, politikak dagoeneko ezingo du ohiko bideetatik segitu eta gerra suertatzen da irtenbide bakarra. Noski, gerra hau ez dela hasieratik posizio-gerra moduko gerra konbentzional bat; izan ere, proletalgoaren ahulezi militarraren ondorioz derrigorrezkoa zaio bere ofentsiba politikoaren barruan arlo militarrean defentsiba estrategikoaren bidez indarrak metatzea. Ostean, oreka estrategiko militarrean indarrrak parekatu eta ofentsiba estrategikora jauzi egiteko.

Beraz, prozesu iraultzaileak Herri Gerraren bidez egingo du aurrera fase batetik aurrera, garatuko bada. Perspektibak gerrarakoa izan behar du; eta, horrek erresistentzialismoa baztertzen du (estrategikoki erresistentziara bideratutako jarrera). Jakina, horrek ez du esan nahi erresistentzia taktikoki baztergarria denik. Masen espontaneotasuna edota intsurrekzio partzialak oso kontuan hartzekoak dira. Potentzialtasun iraultzailea dute, botere burgesaren hutsuneak sortzen dituzte eta. Hala ere, gehienetan ez daudenez Herri Gerrara bideratuta (Kontraboterea eraikitzera/indartzera, eta botere burgesa suntsitzera, kontzienteki), ez dira gai prozesu iraultzailea aurrerarazteko, borroka-esperientzia gogoangarriak utzi arren.

Klaseaz

Hasteko, hiztegia zehazte aldera, garrantzitsua deritzogu langileria eta proletalgoa hitzak zer adieratan erabiliko ditugun zehazteari.

Lan honetan, langileria da desjabetuen klasea, klase bezala iraultzarako potentzialtasuna duena, baina ez duena bere izatearen kontzientzia garatu eta ez denean beronen arabera antolatu: berezko klasea (objektiboa) da. Asko sakondu beharreko gaia bada ere, zehaztasun handitan sartu gabe, bizitzeko bere lan indarra saltzea beste biderik ez duenak osatzen du langileria. Garrantzitsua deritzogu terminoa argitzeari, askotan era anbiguoan eta kontzeptu interklasista gisa erabiltzen delako, herri sektoreak izendatzeko. Guretzat, langileria ez du osatzen «lan egiten duen orok» eta ezta «soldata baten truke lan egiten duten guztiek» ere. Langileria da, guretzat, politikoki egituratu gabe dagoen proletalgoa. Euskal Herrira ekarrita, euskal langileria edo Euskal Herriko langileria.

Proletalgoa da politikoki eratuta dagoen langileria. Mundu-ikuskera (Weltanschauung) proletarioa[1] garatu du eta kontzienteki, bere betebehar historikoaren jakitun, egiten du iraultzaren alde. Horrela bada, kapitalismoaren ezezkotasun objektiboa izateaz gain, klase-gizarte ororen ezezkotasuna bihurtzen da. Proletalgoa da, beraz, komunismoa eraiki dezakeen indar politiko bakarra.

Horrela bada, proletalgoa izanik klase iraultzaile bakarra, mundu-ikuskera proletarioa izango da mundu-ikuskera iraultzaile bakarra; baina, era berean, ikuskera horren jabe izateak eratuko du soilik proletalgoa klase-iraultzaile bezala. Hau da, langileria ez da iraultzailea berez, per se, klase sozial (berezko klase) moduan; iraultzailea da soilik politikoki klase bezala eratzen denean, ideologia proletarioak dakarren kontzientzia proletarioaren barneratzearekin berezko klase izatetik klase-posizio proletariora pasatzen denean. Hor datza, hain zuzen ere, lehen aipatu dugun, eta aurrerago aztertuko dugun proletalgoaren klase-eratzea. Beste aldetik, behe-burgesiako elementuak, baita behargin-aristokraziakoak ere, iraultzaileak izateko berez burges-txiki edo behargin-aristokrata izatetik klase-posizio proletariora (sozialki behe-burgesia izanik, politikoki –hau da, klase-borrokan- proletalgo iraultzailearen bandoan kokatuz) pasatu beharko dira kontzientzia iraultzailea barneratuz baita.

Aipatu dugun bilakaeran (berezko-klasetik klase politikora) bada kontuan hartzeko kontzeptu bat: klase-identitatea. Haren funtsa egitura ekonomikoak zehazten du, baina ez mekanikoki. Berezko klase baten elementuek, antzeko baldintza materialak, bizi-esperientziak eta abar dituztenez, identitate kolektibo bat sortzen dute interes komunen arabera. Horrela, klase-posizio proletarioetara errazago pasatuko da haren identitatea langile gisa eraiki duenak. Baina, jakina, hori ez aldagai bakarra. Kontzientzia proletariorako pausua errealitatean bertan ematen denez (berezko klase izatetik klase kontziente izatera, alegia), momentuaren arabera, langile-sektore batzuetan erraztasun handiagoz garatuko da kontzientzia: dela borroka-esperientziak bizitzeko eta ikasteko aukeragatik, antolatzeko baldintza hobeengatik, erreformek balio ez diotela konturatzeagatik... Horrela, bada, batasun ezbaikor bat osatzen dute kontzientziak eta izate sozialak.

ILDO IRAULTZAILEAREN INGURUKO HAUSNARKETA

Esan dugun legez proletalgoa da indar iraultzaile bakarra, hortaz, indar horren eraketa dugu ezinbesteko zeregin prozesu iraultzailea aurrera eroateko. Hauxe dugu, beraz, egun eginbehar nagusia: proletalgoaren klase-eraketa. Alderdi biko arazo bakar bat dakarkigu honek: alde batetik, bere autokontzientziaren barneratzea langileriaren aldetik eta, bestetik, mugimendu proletarioaren eraikuntza. Langileriak, ordea, mugimenduaren bidez baino ezin du kontzientzia proletarioa bereganatu; horregatik da egiaz arazo bakarra. Dena den, edozein mugimendu ez da horretarako gai, izan ere, erresistentzialismoaren gain eratutako mugimenduak kontzientzia erresistentzialista erreproduzituko du; ostera, mundu-ikuskera proletarioaren gain eratutako mugimenduak baino ez du ahalbidetuko bere autokontzientziaren barneratzea. Indar iraultzailearen eraketarako mundu-ikuskera edo ideologia proletarioarena dugu, beraz, iraultzaileon lehendabiziko arazoa, zeina langileriaren borroka espontaneo/erresistentzialistetatik at soilik eratu daitekeen.

Mundu-ikuskera proletarioaz

Esan bezala, ideologia da kontziente izateko ezinbesteko faktorea, ondorioz, ideologia izango da prozesu iraultzailea bere bide eta helmugatik desbideratzeko ala tinko mantentzeko determinantea. Izan ere, klase bakoitzak bere ideologia edo mundu-ikuskeraren arabera konprenitzen du errealitatea eta horren arabera ekiten du errealitatea bere onerako eraldatzeko. Ondorioz, mundu-ikuskera proletario barik ezin izango da eraldaketa iraultzailea aurrera eroan, hots, ideologia iraultzailerik gabe ezin izango da praktika iraultzailerik egon. Eta, halaber, praktika iraultzailearen mugak ideologia iraultzailearen mugetatik eratorriak izango dira, oro har. Izan ere, ezbaiketa materialistak erakusten digun moduan gauzen -mugimendu iraultzailearena ere bai- barrengo zergatiek zehazten dute bere bilakaeraren erroa eta kanpokoek, berriz, bilakaerarako baldintza.

Era berean, ideologia iraultzaileak praktika iraultzailearen eta errealitate sozialaren teorizazioan du bere iturria, hau da, praktika iraultzailearen balantzerik gabe ez dago mundu-ikuskera iraultzailerik. Beraz, praktikaren mugak gainditzeko bide bakarra berorren balantzea egitea da, jakintza berrion bidez teoria-zaharra gainditu eta maila berri batera igaroz, praktika bera ere maila berri batera goratuz. Horrela, pasa den mendean mundu osoko mugimendu iraultzaileek lehenago edo beranduago jasandako porrotak argi utzi du praktika iraultzailearen mugak izugarriak izan direla eta horiek gainditzeko irakaspenik atera barik ezinezkoa izango dela klase-gizartearekin behingoz amaitzea, gure borroka kapitalaren aurreko erresistentzia eta biziraute soilera kondenatuz. Horregatik, ziklo iraultzaile berri bateri -itsu-itsuan aritu barik- hasiera emateko, lehentasun osokoa dugu aurreko zikloaren balantzea egitea, ideologia iraultzailea berreratuz. Hau da, azken finean, teoria eta ekintzaren arteko harreman ezbaikor amaigabea, praxia: praktikaren balantzea eginez teoria goratu eta, jarraian, teoria hori ekintzara eroanez praktika ere maila berri batera goratu.

Iraultzaileek orain arte iragan mendeko esperientziaren balantze oso bat egin ez izanak, balantze partzialetan oinarritutako joera ideologiko ugariren eraketa ekarri du espektro eraldatzailean[2]. Partzialtasun hori da euren ahultasunaren eta zinezko ekite iraultzaile bat garatzeko ezintasunaren zergatia. Izan ere, joera horien barnean mundu-ikuskera burgesa da alderdi buru –horregatik deritzogu, hain zuzen ere, espektroaren barneko joerei eraldatzaile eta ez iraultzaile-, proletarioak ahalmenik badu ere. Hori dela eta, balantzearekin batera (eta beronen inguruan), beharrezkoa da joera horien arteko borroka ideologikoa indartzea: joera desberdinen ikuskera proletarioen eta burgesen arteko borrokaren bidez bakarrik bihur baitaiteke ildo proletarioa, ildo bien arteko borroka ezbaikor horretan, alderdi buru. Errealitateko esfera guztietan burgesiaren nagusitasuna gainditzeko klase-borroka proletarioa bide bakarra den moduan, ideologiaren esferan ere hala da, borroka gure baitako ildo burgesaren aurka bada ere. Borroka honek ez du ildo proletarioaren garaipena ziurtatzen bai ala bai, baina ziurra dena da ildo proletarioa osatzeko modu bakarra borroka hori aurrera eramatea dela.

Hauxe dugu, hortaz, gaur egungo zeregin iraultzailea: ideologia eraldatzaileetako ildo burges eta proletarioen arteko borrokaren eta praktika iraultzailearen balantzearen bitartez mundu-ikuskera proletarioa berreratzea. Zeregin hori alde batera uztea ildo burgesaren hegemonia onartu eta mantentzea baita, mugimendu proletarioa inpotentziara kondenatuz; mugimendu iraultzailearen eraketa eragoztea da, zapalkuntza eta esplotazioaren iraupena sine die luzatuz.

Hasierako borroka ideologiko horren bidez, mundu-ikuskera proletarioaren jabe egiten den klasearen sektore honi abangoardia deituko diogu eta mugimenduaren eraketan ezinbesteko papera jokatuko du ikusiko dugun legez. Hasiera horretan, prozesu iraultzailearen ezbai nagusiena den heinean, ideologia proletarioaren berreratzea garrantzitsuena bada ere, ezin ahantz dezakegu proletalgoaren klase-eraketa dela helburua eta, horregatik, neurri txikiagoan bada ere, mugimenduaren lehen adierazpenen eraketari ekin behar zaio. Izan ere, dagoeneko ez da erresistentzialismoaren gainean eratuko dugun mugimendua, baizik eta mundu-ikuskera proletarioaren germenaren gainean eratutako mugimendua. Gainera, fase hauen arteko muga ez da zurruna, hau da, ez da eraikuntza mekanizista bat, praktikaren jo-puntua aldatzen joango da arazo batzuk gainditzen joatean eta arazo berri batzuk garrantzia hartzen doazen heinean.

Klase-mugimenduaz

Horren ostean, behin mundu-ikuskera proletarioaren berreratzearekin proletalgoaren klase-eraketarako baldintzak zertzean, eraketa horretxek hartu behar du prozesu iraultzailean zentralitate osoa. Horretarako, ideologia proletarioaren eta masa proletario antolatuen arteko fusioa gauzatuz; helburua -masak ideologia iraultzailearen posiziora goratuz eta bere autokontzientziaren jabe eginez- langileria klase-politiko moduan, proletalgoa, eratzea izanik. Horra hor subjektu iraultzailea.

Gorago esan dugun legez, ideologia proletarioaren gain osatutako mugimenduaren bidez soilik har dezake kontzientzia langileriak eta, hortaz, horrela soilik eratu daiteke klase politiko gisa. Hortaz, hasiera batean proletalgoaren klase-eraketan mundu-ikuskera proletarioaren berreratzea nagusia bazen eta mugimenduaren eraikitzea bigarren-mailakoa, orain mugimenduaren (klase-mugimendu deituko duguna) eraikuntza arazo nagusia izatera pasatuko da, ekitearen balantzea deskuidatu barik, noski. Klase-mugimendua da proletalgoa klase gisa eratzea ahalbidetzen duena: alderdian eratutako proletalgoa, hain zuzen ere.

Alderdiaren kontzepzio hegemonikoa, ordea, III. Internazionaleko Alderdi Komunisten gisako abangoardiako erakunde soilarena dugu, zeina II. Internazionaleko alderdi masisten kontrajartzean errotu zen. Alderdiaren kontzepzio iraultzailea, ostera, beste bat dugu: alderdia abangoardia bera eta berau jendoldeekin batzen duen era guztietako antolakunde eta organismoz osatutako mugimendua da; hau da, alderdia ez zaio mugimenduari kanpotik zuzentzen hura gidatu gurean, alderdia mugimendua bera da. Beste era batera esanda, alderdia proletalgoa klase-gisa eratzen duen antolakunde eta organismoz osatutako mugimendua da: klase-mugimendua, hain zuzen ere. Antolaketa horren eraketa “Iraultzak bere antolakunde propioak sortzen ditu” printzipio estrategikoari jarraituz aurrera eroan behar da; eta horretan komuna-antolaketak -proletalgoaren berezko antolaketa-modua- papel zentrala jokatu behar du abangoardia eta masak fusionatzeko modu legez, eta horrekin batera -hasiera batean indar txikiarekin, baina langileria klase-politiko moduan eratuz doan heinean indarra hartuz- egiazko Komuna-Kontraboterearen germen gisa.

Iraultzak bere antolakunde propioak sortu behar baditu ere, horrek ez du esan nahi dagoeneko existitzen diren masa-antolakunde borrokalariak albo batera utzi behar direnik, hauetan borrokatzea ere garrantzizkoa da (baita berreratze ideologikoaren fasean ere, noski, masekin lotura indartuz), posible izanez gero antolakundeok mugimendu iraultzailearen baitako antolakunde izatera pasatuz; hala ere, ez da masa-antolakundeen kolonizazioa jarraitu beharreko ildoa.

Iraultzak bere antolakunde propioak sortzen ditu”ela diogunean, mugimendu iraultzailearen jatorria bera ere zehazten dugu: mugimendu iraultzaileak eta bere antolakundeek ez dute jendoldeen erresistentzialismoan jatorria, baizik eta iraultzaren lehen espresioa den ideologia proletarioan. Masen borroka espontenook, dena den, ezin dira gutxietsi, izan ere, esperientzia horiek oso aberasgarriak izan daitezke borroka-eskola gisa. Hortaz, lehen espresio iraultzaile horren eroale den abangoardiak sortzen du mugimendua, mugimendu espontaneoaren[3] joan-etorrietan galdu barik, baina ahal den heinean masen erresistentzia-borroka espontaneoaren bidez bultzada eta indarra hartuz. Orduan, mugimendu iraultzailea ez da mugimendu erresistentzialistaren garapenaren bidez eratuko eta ez da ere mugimendu erresistentzialista horri ideologia iraultzailea gehitzen edo injektatzen eratuko. Izan ere, mundu-ikuskera proletarioren gain sortzen ez den mugimendu oro, kapitalismoaren logika ez gainditzean, erresistentzialismora eta merkantzien erreinua abolitzeko ezintasunera kondenatuta egongo da.

Gai hau planteatzean, ordea, mutur bi atera ohi dira. Batzuek, abangoardia jainkotzen dute, jendoldeen papera kontzientzia bako esku -edo erresistentzia-kontzientziadun- batzuen parekoa izanik, zeinak abangoardiaren “Alderdiak” gidatuko dituen. Besteek, berriz, masak jainkotzen dituzte, euren baldintza objektiboak -atomizazioa, esate baterako- eta subjektiboak -alienazio ideologikoa, kulturala...- ahaztu eta haien antolaketa espontaneoan jartzen dute itxaropena. Lehenengoen planteamenduak, masa/abangoardia bereizketa handitzea dakar eta, gainera, abangoardia jainkotzean ez dute jendoldeak abangoardiaren posiziora goratu behar direnik planteatzen. Bigarrenak, ostera, abangoardiaren papera gutxiesten dute, masak abangoardiaren posiziora goratu barik, abangoardia masen posiziora beheratuz. Planteamendu iraultzaileak, berriz, jendoldeak abangoardiaren -mundu-ikuskera proletarioaren- posiziora goratuz, beraien arteko fusioa izan behar du ipar, klase-mugimendua izanik horretarako tresna.

Proletalgoaren klase-eraketak burgesia eta proletalgoaren arteko oreka egoera batera daramatza indar iraultzaileak, Komuna-Kontraboterea indartzea lehen lerrora ekarriz. Ostean (klase-borroka borroka ofentsibo bat den heinean oreka, besteekin konparatuta, oso aldi laburreko egoera izanik), Komuna-Kontraboterea garatzen segitzeko eta hura botere hegemoniko bihurtzeko, proletalgoak ofentsibari ekin beharko dio, iniziatiba guztia bere gain hartuta klase-gerrari hasiera emanez, klase-mugimenduaren militarizazioaren bidez Herri Gerran masak antolatuz. Herri Gerrarekin, botere proletarioa hegemoniko bihurtzean, etengabeko iraultzetan masa guztiak murgilduz, klase guztia kontzientzia iraultzailearen posiziora goratuz logika-kapitalistaren beraren kontra: komunismoari bidea irekiz.


OHARRAK

1.- Mundu-ikuskerari hemendik aurrera ideologia ere deituko diogu. Kontu egiozue, orduan, hemen ideologia aipatzean ez diogula kontzientzia faltsuari edo gizarteko gainegiturari erreferentzia egiten. Beste aldetik, mundu-ikuskera proletarioa errealitate osoa aztertu eta eraldatzeko gida ideologikoa da (nazio-, genero-, arraza- ... zapalkuntzak barne), eta ez behargin-patroi dikotomiari dagokion ikuskera ekonomizista bat.

2.- Eraldatziale terminoa hartu dugu, osterago ere aipatuko dugun moduan, iraultzaile izan barik horretarako potentzialitatea duenari erreferentzia egiteko.

3.- Langileria klase-iraultzaile gisa eratuta ez dagoen bitartean, bere borroka ez dago kapitalismoaren gainditzera bideratuta, kapitalismoari erantzutera baizik eta, hortaz, izaera espontaneoa izango dute, ondo antolatuak egon ala ez.

Zadorra