Herri Mugimenduko neska gazte bat
Asteak dira jada nire herriko
paretak, baita Wassapp taldeak ere, martxoaren 8an burutuko den paroko
deialdiez bete direla. Nonahi daude kartelak ikusgai, baina ideia orokorretatik
haratago, ezin izan dut arrazoiketa sendo eta garatuz osaturiko diskurtsorik
aurkitu.
Gaztea naizen arren, urte asko
dira jadanik militatzen hasi nintzenetik. Nire ibilbidea Gazte Antolakundeetan (bai,
ni ere Segi eta Ernai harrapatu dituen belaunaldi horretakoa bainaiz),
Gaztetxean eta herriko neska gazte taldean garatu dut. Ibilbide horretan Gazte
Antolakundeetan, Gaztetxean zein herriko neska taldean ibili izan naiz. Eta
esperientzia horretatik, ibilbide horretatik, indartu zaizkit aspalditik buruan
neuzkan zenbait kezka.
Genero auziari dagokionean, nire
baitan jadanik baneuzkan bi baieztapen berretsi ditu. Batetik, genero
zapalkuntzaren gaindiketa harreman sozial kapitalistaren suntsipenarekin emango
dela, ala ez dela emango; eta horrenbestean, emakume langileon askapena langile
klasearen deuseztapenarekin lortuko dugula, ala ez dugula lortuko.
Bestetik, gure baitan daramagun
kontzientzia burgesa deuseztatzea ez da militante izatearen ondorio mekaniko
bat, maiz uste hori badugu ere. Militante izan arren, gure arteko harremanetan
jokaera zapaltzaileak erreproduzitzen jarraitzen dugunez, maiztasun eta
intentsitate baxuagoan bada ere, emakumeok gure kide diren gizonengandik
datorren genero zapalkuntzari aurre egin behar diogu. Horregatik, halako kasuei
aurre egiteko beharra dagoenetan, antolakuntza komunistaren baitako emakumeon
auto-antolakuntza eta jardun propioa baliagarriak dira.
Behin kontzientzia burgesa
aipatuta, honen eragina gizon-emakume harremanetatik haratago doala esateko
beharra sentitzen dut: proiektu politikoarekiko daukagun konpromiso (eza),
espazio kolektiboekiko daukagun zaintza (eza), kideen artean daukagun
elkartasun (eza)… honen ondorio direlarik. Eta horrenbestean, interes zapaltzaileen
identifikazioa eta hauekin bukatuko duen langile kontzientziaren eraketaren
premia emakumeona izatetik haratago, proiektu politikoaren biziraupenarena da;
hots, langile klase osoarena.
Heldu den martxoaren 8aren harira,
Euskal Herrian Mugimendu Feministak (zehazki Emakumeen Mundu Martxaren
erreferentziapean biltzen denak) deialdi bateratu bat egin du. Egun honen xedea
emakumeek* mundu honetan bizitzen dituzten indarkeriak zein zapalkuntzak
salatzea izango da. Horretarako, emakumeek* lanaldiei (ordu batzuez) eta
etxe-giroko espazioan haien gain jausten diren erreprodukzio lanei (egun osoz)
uko eginez, sistema eten nahi dute. Planto honen bitartez, burujabetzarako
baldintzak sortuz.
Planteamenduari pare bat buelta
eman dizkion edonork daki esandakoa ez dela kapitalismoa etetera iritsiko.
Emakumeok familia eremuan burutzen ditugun lan erreproduktiboak burutzeari uko
egiteak, desegonkortasun egoera bat sortuko du. Beharrizan batzuk, jatea kasu,
ezinbestean egunero ase behar ditugunez, martxoaren 8an ere bete beharko
ditugulako. Haatik, argi utzi nahi dut desnormalizazioa geure
egunerokotasunaren oinarrizko antolaketa eran emango dela, hau da, etxe giroko
harremantze ereduan (aurreikusi daitezkeen lan batzuk aurreko egunetan burutu
daitezkeen arren, badaude atzeratu ezin daitezkeen lan batzuk, hirugarren
pertsonen zaintza edo osasun arreta, esaterako) eta ez esplotazio kapitalistan,
alegia.
Honekin ez dut balizko lorpen hau
gutxietsi nahi. Izan ere, ezegonkortasun honek erreprodukzioaren funtsaren
inguruko galderak mahi-gaineratzeko balio dezakeelakoan nago: langileok gure
erreprodukzioa bermatu ahal izateko zertara kondenatuta gaude? Zergatik
betetzen ditugu erreprodukzio lanak emakume langileok (langile zein burges
familiatan)? Eta batez ere, zer egin behar dugu desjabetuok soldatarekiko
menpekotasunik gabe erreproduzitzeko gaitasuna garatzeko?
Horrenbestean
martxoaren 8an egingo den plantoari potentzial handia ikusten badiot ere,
oinarrian daukan planteamendu politikoak galdera eta zalantza ugari sortzen dizkit;
jarraian datozen lau puntuetan nire ustez barne biltzen dituen kontraesanak
laburki aurkezten ahaleginduko naiz.
– Zabalduen dagoen diskurtso
feministan erreprodukzio eta zaintza hitzak baliokide gisa erabiltzen dira.
Erabilera hau okerra iruditzen zaidanez, nire ulerkeratik abiatuta, bi
kontzeptuen argipen bat egiten saiatuko naiz; terminologiaren erabilpen egoki
bat sustatzea helburu. Erreprodukzioaren baitan hiru multzo bereizten ditut,
bizirauten jarraitzeko (eta daukagun bizi maila mantentzeko) egiten dugun lan
oro ulertuz: batetik, oinarrizko beharrizanak (gureak zein besteenak)
asetzearekin lotutako lanak: sukaldatzea, arropak garbitzea, etxea txukuntzea,
entxufeak konpontzea, ortua lantzea…; Bestetik, ekintza hauek burutzeko behar
ditugun lehengai zein tresna guztiak erosteko dirua lortzea (horretarako
langileok gure lan-indarra soldatagatik trukatzera behartuta egonez). Eta
azkenik, behar kultural zein afektiboak: lagunartean tragoak hartzea, sofan
telebista ikustea, bikotekidea edukitzea…
Zaintza, berriz, gure proiektu
politikoaren oinarri izan behar den harremantze eredua dela uste dut; gure
artean behar erreproduktiboak, material zein afektiboak, kontzienteki asetzeko
era. Espeziearen biziraupen hutsetik haratago, kolektiboaren garapen kultural-emozionala
bilatuko duen eta elkartasuna motore izango duen praktika iraultzailearen
harreman logika, hain zuzen.
Horrenbestean, erreprodukzioa,
langileok kapitalismoaren baitan langileok klase sozial gisa bizirauteko lanak
izendatzeko erabiliko nuke. Zaintza, aldiz, termino konbatibo gisa: metabolismo
sozial kapitalistaren gaindipenena ahalbidetuko digun harremantze eredua
izendatzeko. Egindako argipena kontuan izanik, argi geratzen da martxoaren 8an
zaintza lanen greba egitea kontraesankorra dela borroka egun horietan are
beharrezkoagoa bihurtzen delako gure arteko zaintza bermatzea. Hala, zaintzak
burutzeari uko egitekotan, eraldaketaren oinarriari uko egingo genioke, eta
proiektu politikoaren greba egiteak, soilik gu kaltetzen gaitu. Azpimarratu nahi
dut, nire helburua ez dela eztabaida terminologiko hutsal bat sustatzea; izatez
bi jarduera ezberdin direla argitzea baizik.
– Gaiari jarraiki, orokortzen ari
den etxeko lanen inguruko diskurtsoa arriskutsua dirudit: emakumeek lan hauek
trukean soldatarik jaso gabe burutzen dituztela salatzen dugunean, inplizituki,
soldata jaso beharko luketela aldarrikatzen ari garelako. Hala, era kontziente
ala inkontzientean, familia giroko harremanak ere merkantilizatzearen alde
lerrokatzen gara. Hots, geure harreman estu eta kutunenak truke balioaren
legearen baitan neurtu nahi ditugula, familia arteko harremanak merkantzia gisa
identifikatuz.
Helburu nagusia geure buruen,
denboraren, identitateen baita harremanen inguruko erabakimena lortzea bada,
ezinbestekoa zaigu geure borrokak harreman sozial kapitalistaren osotasunarekin
amaitzera bideratzea. Hala, emakume langileok garbi eduki behar dugu, gure
zapaldu izaerarekin amaitzeko, nahitaez botere zein kontzientzia burgesa
erreproduzitzeari utzi behar diogula; hots, soldatapeko lanaren menpeko
bilakatzen gaituen desjabetu egoerarekin amaitu behar dugula.
Alabaina, egia da baieztapen
orokor honek ez digula zuzenean bide-orri bat margotzen, baina bai noranzko bat
argitzen. Eta batez ere, iraultza prozesua amaierara arte gara dezagun
garrantzitsuena iruditzen zaidan gakoa: taktika ezin dela inoiz estrategiarekin
kontraesanean sartu. Dihardugun gaira ekarrita, emakume langileon
bizi-baldintzen hobekuntza (baldin eta berau egikaritzea nahi badugu) ezin dela
inoiz helburu nagusiarekin: soldatapeko lanaren abolizioarekin eta oro har,
harreman sozial berrien eraikuntzarekin.
– Behin eta berriro errepikatzen
da feminismo(eta)tik xedea sistemaren erroko aldaketa bat dela; eta
horrenbestean, aldaketa sozial eta politikoa aldaketa ekonomiko baten eskutik
etorriko dela. Baina, jopuntuan egungo kontsumo eredua jartzen da, kontsumo
eredu justu eta sozial bat aldarrikatuz.
Alabaina, kontuan hartuz gero
kontsumoaren oinarria trukea dela, eta trukearen funtsa merkantzia; ohartuko
gara, trukea justuagoa bihurtzearen saiakerak ez duela bere esentzia
gainditzen: merkantzien elkartrukea. Eta horrenbestean, ekoizpen eredu
kapitalista gainditzeko, kontsumoa bera jarri behar dugula jopuntuan: truke
balioarekin amaitu ahal izateko.
– Laugarren kontraesana
subjektuarena litzateke: emakumea subjektu politiko gisa ulertzea eztabaidan
jarri nahi nuke. Honek, emakume ororen elkarrekintzara dei egiten du, bi klase
sozialetako emakumeen batasuna aldarrikatuz, eta ondorioz, klase autonomia
ukatuz. Baldin eta helburutzat sistema kapitalistarekin amaitzea badugu, hau da
langileon esplotazioarekin, esplotatzailearen eta esplotatuaren arteko aliantza
bultzatzea guztiz kontraesankorra da.
Emakume izateak ez du inoiz
burgesaren klase interesa deuseztatzen (ez eta gurea ere); eta horrenbestean,
aliantza taktikotzat identifikatzen den hau kontraesanean sartzen da helburu
estrategikoarekin. Ala esplotatzailearen eskutik esplotazioarekin amaitzeko
aukera izango dugulakoan gaude oraindik? Era honetan, emakume burgesak bere klase
interesei uko egin arte (emakume langileon esplotatzailea den heinen) gure kide
izatetik urruti, gure etsai zuzena da. Klase subjektua aldarrikatzen dut bere
baitan subjektibitate ezberdinak onartuz.
Esandako guztiak kontuan hartuz,
jadanik aipatu bezala nire helburua emakume langileok bizitzen dugun
zapalkuntza zehatzaren aurkako borrokan ekarpena egitea izanik; espero dut,
goian garatutako lau puntu hauek, militanteon artean hausnarketarako eta
eztabaidarako baliagarri izatea.
Hamaika
arrazoi dauzkagu emakume langileok martxoaren 8an Euskal Herri osoko kaleak
hartzeko. Amorru eta
grina guzti hori borroka tresna egokien indar eragile bilakatzean dago koxka,
ordea.
Horrenbestean, genero zapalkuntza
gainditzeko, gure bizien eta harremanen inguruko egiazko erabaki gaitasuna
ahalbidetuko digun langile boterea eraikitzen jardun behar dugulakoan nago.
Hala, sexuaren araberako lan banaketa, indarkeria sexista baita emakumeon
zapaldu identitatearen gainditzekoko tresna errealak sortuz, eguneroko borrokaz
emakume desjabetuak aske bilakatzeko lan eginez.
Soilik langileok amaituko dugulako
langile klasearekin… martxoaren 8an, egunero bezala, emakume langileok borrokan
jarraituko dugu! Kalean ikusiko dugu elkar!
Komunismoa ipar… gora emakume
langileon borroka!
JTK!