Saioa Iraola Urkiola, Idoia Trenor Zulaika
Euskal Herriko Bilgune Feminista
naiz.info-etatik hartuta. 2014/03/06
Apaizek, epaileek, jakintsuen biltzarrek, jaungoikoek,
legeek, medikuek, ohiturek, estatuek, e.a. egunero zanpatzen digute emakumeoi
gure gorputza eta bizitzaren gain erabakitzeko dugun eskubidea, izan beharko
genukeen aukera eta borrokatzen dugun nahia, alegia.
Gure gorputzak, hauskor, erabilgarri, objektu pasibo gisa
hartzen dituzte botere gune politiko, ideologiko zein ekonomikoek. Eta
horretarako, estatuek, kapitalismoak, patriarkatuak bitarteko anitz darabilte
herrialde anitzetan emakumeon gorputzaren kontrolaren bitartez interes
ideologiko, ekonomikoak eta ideologikoak erdiesteko. Gure territorioan,
gorputzean, aske sentitu ez gaitezen irudikatzen gaituzte: printzesak, objektu
erakargarri eta ez erabaki-askegarri gisa; etxeko lan eta zaintza lan guztien
arduradun eta erreprodukziorako makina gisa; gure gorputzetan pastillez
gainezka eta gure gorputzaren gaineko ezagutza ukatuz, gure burua zaintzeko gai
izango ez bagina bezala; infantil, haurrak izango bagina bezala, zeinetan, gure
bizitzetan, senar, mediku, aita-estatuen onespena, baimena behar dugun gure
bizitzak burujabe bizi eta aurrera eraman ditzagun.
Egungo testuinguru sozial eta politikoak biziki arduratzen
gaitu, kapitalismoaren, balioen, zaintzen krisiaren testuinguru honetan
austeritate neurriak jarri dituzten martxan, zeinetan, urteetan borrokaren
bitartez irabazitako eskubideak galdu ditugun, bizitza duin bat izatea gero eta
zailagoa izanik. Egiturazko neurri murriztaile guztiek, emakumeen etxeratzea
eta familia heteropatriarkala indartzea dute helburu. Austerilketek (egiturazko
neurri murriztaile hiltzaileek) ezaugarritzen dituzte krisialditik ateratzeko
politika guztiak. Eta hori gutxi balitz, eskuin muturrak, eliza kontserbadoreak
bidelagun izanik emakumeon eskubideak murrizten ari da eta sexualitatea eta
gure gorputzen gaineko kontrola areagotuz, kasu Gallardonek proposatutako lege
aurreproiektua.
Hala, ofentsiba eskuindarra ikaragarria da. Gallardonek
proposatutako aurreproiektua: ‘Kontzebituaren Bizia eta Haurdunaren Eskubideak
Babesteko Lege Organikoa’ izenburu duena, emakumeon erabakitzeko eskubidea eta
gure gorputzaren gaineko kontrola areagotzeko beste pausu bat da.
Beraz, gure gorputza, gure territorioa egunero da
kolpatua, ukatua eta jazarria. Baina emakumeok, feministok, gure gorputzetan
erabakitzeko eskubidea izan dezagun borrokatzen, jarduten, amesten jarraitzen
dugu egunero. Horretarako ezarritako kontrol eta botere jazarpenaren aurrean
bide zidorrak topatuz, bidean elkartuz eta elkarrekin bide zidorretako sasi eta
oztopoei elkarrekin aurrera eginez. Euskal Herrian bizi garen emakumeon
eskubideak zanpatzen dizkigute apaiz, epaile, jakintsuen biltzar, jaungoiko,
lege, mediku, ohitura, estatuek; baina, askotan baita hauen konplize diren eta
«legea betetzea» funtzio gehiagorik ikusten ez duten Nafar gobernu, Opus Dei,
Jaurlaritzak ere. Beraz, emakumeon gorputzen gainean erabakitzeko eskubidea
ukatzen duten lege, jarrera, diskurtso arrotzei, Gallardon-en legea kasu,
desobedientzia egitea eskatzen diegu jendarteko eragile-agente desberdinei.
Bestalde, martxoan Ipar Euskal Herrian bozkatuko diren herrietako hautetsiei
ere galdetzen diegu emakumeok gure gorputzetan erabakitzeko dugun eskubidea
bermatzeko zein neurri, politika, ardura hartuko dituzten. Honela, Euskal
Herrian bizi garen emakumeon erabakitzeko eskubidea bermatu dadin bide orri bat
zehazten joateko.
Gure
territorioan aske, libre bizi nahi dugu! Gure gorputzetan aske, gure
bizitzetan, bizi tokian, lurrean, herrialdean aske. Lege arrotzei muzin egin,
eta gure herrian, emakumeok aske bizi gaitezen baldintzak jorratzen segi behar
dugu. Honela,
aurtengo martxoaren 8an egingo diren ekimen anitzetan parte hartzeko deia
egiten dugu.